GPS, geomarketinga, mapa interaktiboak, katalogo geoerreferentziatuak, ibilbideen diseinua… GIS teknologiak aplikazio ugari eta oso desberdinak ditu. Gorabidean dagoen teknologia izanik, egunez egun zabaltzen ari da bere aplikazio eremua, geomatikarekin (informatika eta geografia) batera.

Teknologia honi esker gaur egun posible da datu base oso zabalak elkarrekin uztartu eta informazio ezezagunak edo orain arte lan handia eskatzen zutenak zehatz eta bizkor kalkulatzea. Hala, objektua kokaleku geografiko zehatzean kokatzeaz gain, bere ezaugarriak definituta eduki eta ikusteko aukera ematen du.

GIS teknologiaren ezaugarri nagusia informazio multzo handiak gorde, landu eta ustiatzeko gaitasuna da. Informazioa kapa edo geruza tematiko desberdinetan banatu eta ordena daitezke, gerora horiekin modu erraz eta azkarrean lan egiteko. Prozesu horren helburua da informazio multzo horien emaitzak erabiltzaileari modu errazean eta sistematikoan eskaintzea, bere eginkizun kritikoetan lagungarri izan dezan; bai kudeaketan, bai erabakiak hartzerako orduan eta abarretan.

Organizazioetan GIS teknologia txertatzeak iraultza ekarri du informazioa ezagutu eta lantzeari dagokionean, eta gero eta gehiago dira teknologia hau beren kudeaketa prozesuetan txertatzen dutenak.

Norentzat da interesgarria GIS teknologia?

GIS teknologia, batik bat, informazio multzo handiekin lan egin behar duten entitateentzat da interesgarria: aktibo asko dituen enpresa, ikerketa zentroak, administrazio erakundeak, udalak, unibertsitateak

Entitate horiek denak zailtasun handiak dituzte euren informazio guztia behar bezala kudeatzeko (bezeroen informazioa, baliabide teknikoak, produktuak…). GIS-ak informazio hori guztia barneratu eta kudeatzea ahalbidetzen du, eta horri esker eskuratzeko konplexuak diren emaitzak modu sinple eta errazean eskuratu daitezke.

Zer egin daiteke GIS teknologia baliatuta?

  • Erakundeko bertako informazioaren kudeaketa egokia egin, emaitza informatiboak eskainiz.
  • Erakundeko informazio eguneratua eskaini.
  • Eragiketa konplexuak erraztasunez egin.
  • Dagokionari informazio horren ustiapena egiteko tresnak eskaini.
  • Informazio kritikoa kanporatzea eragotzi.
  • Informazioa eguneratu edo ustiatzeko ahaleginak eta gastuak eragotzi.
  • Balio erantsia sortu.