Udal mapa berriak aurkeztu ditu Ondarroako Udalak
Udalerriko informazio geografikoa eguneratzearekin batera, Ondarroako mapa interaktiboa, mapa toponimikoa eta mapa turistiko berriak egin ditu Gislanek. Aipatu lanak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Informazio Zerbitzuarekin, Hizkuntza Politika sailburuordetzarekin, Euskaltzaindiarekin eta Ondaroako Udaleko Hirigintza eta Euskara sailekin lankidetzan gauzatu dira.
Mapa interaktiboa berrikuntza nagusi gisara
Ondarroako ondare toponimikoa aztertu eta eguneratzeko lanak eta udalerriko azpiegitura eta zerbitzuei buruzko informazio geografikoa berritzeak udal mapa toponimikoan egin dute bat. Bertan herriko interesguneak, horiei buruzko informazioa eta toponimoen zerrenda berritua aurkitu ditzake mapa eskuratzen duenak.
Paperezko formatu tradizionalaz gain, baina, Ondarroako mapa interaktiboak ekarri du berritasun nagusia. Izan ere, tresna berria tarteko herritar eta bisitariek hainbat aukera dituzte esku artean, hala nola:
- Udalerriko zerbitzu eta azpiegiturei buruzko informazioa etengabe eguneratua eta eskuragarri izatea.
- Edozein erabiltzailek informazio ezberdina duten mapak deskargatu edo inprimatzea.
- Behar duenari baliabideak lokalizatzeko aukera ematea (udalaren zerbitzuak, enpresak, toponimoak, kaleak, azpiegiturak, ondareko elementuak, ibilbideak, ostalaritza establezimenduak, azpiegitura turistikoak…).
- Nahi den tokiaren edo interesgunearen bilaketa iragazkien bidez egitea.
Mapa turistikoa berritzea izan da proiektu honen beste emaitzetako bat. Horren bidez herrigunearen mapan fokua jarri, interesgune nagusiak bildu eta bisitarientzako euskarri erabilterraza sortu da.
Informazio gehigarria:
- Mapak online ikusi eta deskargatzeko klikatu hemen.
- Beste udalerri batzuetako mapak ikusteko joan hona.
Aurkezpenaren oihartzuna hedabideetan:
- "Herriko mapa toponimikoa, mapa turistikoa eta bisore interaktiboa aurkeztu ditu udalak" [UdalBarriak]
-
"Ondarroak bere bisore interaktiboa aurkeztu berri du" [DEIA]
*Argazkiaren iturria: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza - Nerea Bedialauneta (CC BY-NC-SA 4.0 lizentziapean konpartitua)